Familia eta lagunak bisitatzen izan da David Segurado, Peru aldean ia bi hamarkada daramatzan urnietarra. Amazonas oihana ezagutu nahi zuen, gaztetan, eta haren atzaparretan jausi ostean, han egin du bizitza.

David Segurado Iriondo, 43 urte. “Urnietarra, jaiotzez eta bihotzez”. Horrela aurkezten da, ezagutzen ez duenarentzat. 1999ko urriaren 5ean ekin zion abenturan murgilduta jarraitzen du bete-betean. Perun. Cusco-Lima-Amazonia triangelu magikoan, hara eta hona. Jario latza du, eta kontatzen dituen apurrekin ondoko guztiak aho bete hortz mantentzeko gai da. Gutako ia inork egin edo ezagutu ez dituenak egin eta ezagutu baititu hogei urtean. Adibide sinple batzuk. Zuetako nork bizi izan du estatu kolpe bat? Nor gurutzatu da pantera beltz batekin aurrez aurre? Edo zuetako nor izan da dron batekin 100.000 hektareako oihan zati bat ikuskatzeko arduradun (100.000 futbol zelai)? Liburu bat idazteko adina oroitzapen omen ditu. Bi orritan hauek bota ditu. Murgildu abenturan.  

“Mikel Martiarena eta Jon Arruarte lagunekin eskalatzen hasi nintzenean aldatu zen dena. Txetxu Letek ere eragina izan zuen, Xauxar tabernan eskaintzen zituen mendiko argazkiekin-eta. Behin ikasketak bukatuta (zurgintza eta altzari diseinua ikasi nuen) garbi neukan mundua ezagutu nahi nuela, etxetik hanka egin. Oso gaztetatik nuen grina hori”. 1999ko urriaren 5ean hegazkina hartu zuen Ekuadorrerantz, Iñigo Eguskiza Yus lagunarekin. “Joaneko hegazkin txartela neukan, soilik, urtarrilean Txileko hiriburuan Aconcagua mendira gindoazen taldearekin elkartzeko”. Hasiera batean, Aconcaguako espedizioa bukatu ostean etxera bueltatzea zuen asmoa.

Txilera bidean, Ekuadorrera bueltatu behar izan zuen, mendiko materiala han utzi baitzuen. Herri hartara iritsi zenean, Estatu Kolpea zegoen. “Sartu, sartu nintzen, baina egun batzuetan ezin izan nuen atera”. Gero autobusez Limara joan zen, eta handik Arica eta Santiagora (Txileko hiriak, biak). “Bankuko txartelarekin arazoren bat eduki nuen, eta Santiagora iritsi nintzenean lau dolar nituen poltsikoan. 2000 urtean arazo larria zen. Ez da gaur egun bezala, arazoren bat baduzu, dei bat egin eta berehala konpontzen dena. Han egon nintzen, lagunak iritsi zain, miseria apur bat pasatzen”.

Ondo gogoan du Santiagoko aireportura joan zen lehen egunean, azaldu behar zuen laguna ez zela azaldu, edo ez zuela bilatu, eta sos arazo berarekin bueltatu behar izan zuen hiriburura. Hotel guztietan dirua aldez aurretik eskatzen omen zioten, “eta hor aritu nintzen, nola edo hala irauten: batzuetan Brasilgo familia bati esker, hotelean lana egiten janariaren truke… bidaiatzen denbora egiten baduzu, irauten ikasten duzu, ezinbestean. Gauez bidaiatu, hotelak aurrezteko, eta antzeko kontuak”.

Aconcaguatik berriro Cuscora

Aconcagua menditik jaitsita, lagun guztiak etxera bueltatu ziren, baina David Cuscora bueltatu zen, ez etxera. “Lagunak egin nituen han, eta hainbat proiekturi buruz hitz eginda geunden, mendi gidari izateko eta beste. Cuscotik Amazonas oihanera joan nintzen lehen aldiz. Shintuya herrira, Madre de Dios eskualdean –Harakmbut etniako jendea bizi da han–, terma batzuetara, eta irudi hark markatu egin ninduen betirako: begetazio sakona, ur termalak, pinpilinpauxak hegan nire inguruan, eta eguzki errainua aurpegian…”.

Cuscora bueltatu eta berriro dirua bukatu zitzaion. Orduan erabaki bat hartu behar izan zuen: “edo etxera bueltatu, edo han geratu. Baina hain gustura nengoen han…”. Eta geratu egin zen. Oihanean aterpe bat eraikitzeko enkargua hartu zuen lau hilabetez. Hasiera batean lan tresnak, langileak eta beste izan behar zituen, “baina ez zen halakorik egon, eta arroza eta kanpin denda bat bakarrik zeuden, tokira iritsi nintzenean”. Erreka ertzean egurra uzten zioten noizean behin, eta egun batzuetan bertakoa zen gizon batekin egon zen: “Romeo Corisepa. Asko irakatsi zidan hark, ze ni Urnietatik nindoan, ez nuen inguru hura ezagutzen batere, eta oihanak baditu arriskua sortzen duten hainbat egoera. Han diziplinaz, neure buruaz, inguruaz ikasi nuen…”. Zibilizazioa “bueno, irrati estazio bat”, bi ordura zuen, oinez, eta Madre de Dios erreka gurutzatu behar zuen, bai edo bai: “Zin dagit erreka oso hazita etortzen zela sarri. Oinetan sekulako babak atera zitzaizkidan hezetasunaren eraginez”.

Bere menua monotono samarra omen zen: arroza, baratxuriak, oreganoa eta noizean behin arrantzatzen zuen arrainen bat. Trukean, inoiz ahaztuko ez dituen egoerak bizi izan zituen: “jaguar melaniko bat ikusi nuen, aurrez aurre. Jaguar beltza! Peru osoan halakorik ikusi duen gizaki bakarretakoa naiz. Zorionez jan berria zen…”, dio barrez. Egun batzuetan jolasean aritu zen Jaguar melanikoa edo puma beltza Davidekin: “Gauetan kanpin dendatik gertu zegoela sumatzen nuen, arnasketagatik. Linterna batekin argia egiten nion, eta burua ezkutatzen zuen sasi artean. Jakina, egunsentia noiz iritsi zain ematen nuen gaua, beldurtuta…”. Oihanak arrisku asko dituela dio: “sugegorri pozoitsuak (jergon espeziekoak) koska egiten badizu, heriotza ziurra da, antidotorik ez baldin baduzu, eta nik ez neukan. Inurri marabunta bat ager daiteke, bidean topatzen duten guztia janez…”.

Urnieta, Madril eta Lima

Cuscora itzuli zen berriro, salbu, eta hainbat lan egin zituen: kafetegi-bidaia agentzi bateko altzariak eta beste muntatu, bidaiak antolatu oihanera… 2003ko abuztuan Urnietara bueltatu zen. Lau urte pasa ziren, joan zenetik. Arrain lonjan, muntaketa lanetan, eta bertikaletan aritu zen lanean, eta ondo ordaintzen zutenez, diru pixka bat bildu zuen: “Nahikoa, berriro Perura bueltatzeko. Urnieta asko maite dut, gertu dauden mendi eta paisaiak. Baina dena dago araututa, konfort-a erabatekoa da. Ohikoa ez den gauza bat egitea zaila da, eta Perun, aldiz, amets bat baldin baduzu, egin dezakezu. Ez dut esaten egitea, saiatzea baizik. Eta aukera horrek eraman ninduen berriro Perura”. Cusco aukeratu zuen berriro, “nire bigarren bizitokia. Oihanetik gertu dago, Machu Pichu ere bertan dago…”.

Oihaneko komunitate batzuk turismo eta biologia arloan ze garapen eduki zezaketen aztertzen hasi zen lagun batzuekin: “bertako kideekin hitz egin, ze behar zituzten, azterketa biologikoak…”. Estazio biologiko bat kudeatzen hasi zen gero. Gustuko zituen lanak, “sosak nituelako. Oihana, biologia, ikerkuntza oso gustuko ditut, eta horretara bideratu nuen nire jarduna. Lan horretan Claudia Torres, nire egungo emaztea ezagutu nuen. Biologoa da”. Kontserbazioa, ikerkuntza arloko lana nahiko zaila da Perun, ez omen dute ondo ordaintzen. “Claudiak bere jardunean mantentzea lortu zuen, eta maisutza egiteko Madrilera joatea erabaki zuen, urte eta erdiz. Berarekin etorri nintzen, eta berak ikasten zuen bitartean, ni lanean aritu nintzen han eta hemen”. Berriro bueltatu ziren arte.

Urnieta edo Lima arteko diferentzia azaltzeko, paralelismo hau erabili du Segurado anaia gazteenak: “Urnieta 6.000 biztanleko herria da. Limak 10 milioi ditu. Ikerkuntza lanean berdin gertatzen da: errespetuz diot, Txingudi edo Amazonia ezin dira alderatu, eta horregatik bueltatu ginen”. Liman, ingurugiro aholkularitza bulego batean hasi zen lanean David. Liman zegoen bulegoa, baina lana, askotan, goi ordokian edo oihanean izaten zuen. “Denbora gehiago ematen nuen Limatik urrun, Liman bertan baino, eta gustura”. 2011-2016 bost urtekoan logistika lanetan ere aritu izan da espedizioentzat, edota proiektuak dituzten telebista ekoizleentzat (Marañon ibaiaren jaitsiera Huayhuash mendikatetik Iquitos hiriraino, Red Bull etxearentzat).

Azkenaldian Google-entzat ere jardun izan da, oihaneko urruneko hainbat komunitateetara konektibitatea, internet-a eramateko estratosferatik mugitzen diren puxika aerostatikoekin lanean, Loon proiektuan. “Gure lana puxika horiek 24 orduko epean lokalizatzea da, eta oinez, ontzian, astoan… denetarik erabiltzen dugu garraio bide gisa”.

Etorkizuna, dronei lotuta

Azken urteetan dronen munduan murgildu da buru-belarri David: “Perun, dron operadore titulua lortzen duen zazpigarren pertsona naiz… Jendeak uste du dronak ikus-entzunezkoak egiteko bakarrik balio dutela, baina ni beste erabilpen batzuk dituztela erakusten saiatzen ari naiz: kontserbazioa, ikerkuntza, garapena… bitartekoak lortu, oihaneko herritarren bizi kalitatea hobe dadin: nola kudeatu basoa, legediari muzin eginez jarduten duten meatzariak nola zaindu edo atzeman…”. Linn Aerospace Peru enpresa sortu zuen ez aspaldi, eta “puntan gabiltza aeronautika mailan. Dronak ekoizten ditugu AEBetan, baina bezeroaren eskaeren baitan aritzen gara”.

Bezero pribatu eta publikoak dituzte, “GKEak eta natura arlokoak (ACCA, ONU, BBC)”. Ez aspaldi 100.000 hektareako lur azala ikuskatu zuten, oihanean desagertzeko arriskuan dagoen landare bat aztertzeko. “Orain arte mundu osoan dron bitartez aztertu den lur eremu handiena da. Legezkoa ez den meatzari jardunaren ostean deforestazioa non ematen ari den ere azter dezakegu, eta arriskurik gabe, zerutik, ez lur azalean. Diru asko mugitzen duen negozioa da legez kanpoko meatzaritzarena, arma arriskutsuak dituzte, eta haien aurka egitea ez da erraza”.

43 urterekin, eta azken hogeiak hara eta hona ibilita, hamar urte barru non egongo den galdetzea ere, ausart samarra da: “Ez dakit. Enpresa bat sortu dut, aurrera eraman nahi dut, eta zahartzen naizenean, lasaixeago bizi. Ez daukat plan zehatzik. Gustura bizi nahi nuke, gustuko jardunean, baina presiorik gabe. Negozioa ondo ateratzen bada, aurrera. Ateratzen ez bada, martxa. Izan Perun edo Alaskan. Ez diot mugarik jarri nahi bizitzari”.

Urnietatik lurralde haietara norbaitek joateko asmoa badu,  horra heldulekua: david@linnaero.com.